Gailur lainotsuak

Gara, 31 de mayo de 2003

Ismael Manterola

Orain dela hiru aste, gutxi gorabehera, ospatu zuten Donostian “Transakzio denbora” izeneko artearen “gailurra”.

...Astebete Miramar jauregian eta Donostiako hotel batean pasa ondoren, ez dirudi emaitza handirik ateratzeko gai izan direnik... Baina ez du axolarik, arduradunek berehala esan dute ondoriorik ez izatea dela ondorioa eta ez dela porrota izan Gailurra ezer esan gabe amaitzea. Artelekuk eta consonni erakundeek antolatutako ekimena guztion patrikatik ordaindu da eta, horregatik, emaitzak eskatzeko eskubidea dugu. Bestalde, artearen munduan zein eragin izan duen neurtu beharko genuke eta azken hau aztertzerakoan defizit izugarria ikusten dut nik.

...Inork ez du gauza handirik jakin bertan parte hartu dutenek izan ezik. Edonorrentzat zabalik ez zegoenez, ez dakigu zeri buruz hitz egin den edo gosaltzen pasa duten goiza eta merendatzen arratsaldea. Ondoriorik atera ez denez, kanpoan egon garenontzat existitu ez balitz bezala... bukaerako ostiralean antolatu zuten ekitaldiak amorru pixka bat eman zidan, alde batetik jendeari helarazten zitzaion mezua honen antzekoa zelako: aukeratuen artean ez zaudenez, eztabaidetan ezin duzu parte hartu, baina performanceak, hitzaldia eta dantza ikusteko aukera emango dizugu, egiten duguna ikus dezazun...

Gainera, ...“El País” egunkarian orri osoko koloretako iragarkia sartu zuten bitartean, beste egunkarietan zuri-beltzeko orri erdikoa. Zer esan nahi du honek?