Episodio #02

#02 Spell Reel

Conducción
Lur Olaizola y Jone Uriarte
Controles
Alberto de la Hoz
Duración
01:11:58
Frecuencia
Mensual

Zenbat pelikula ikusi dituzu lagun baten hitzen bitartez? Zenbat eszena irudikatu dituzu kide baten kontakizuna entzuten? Zenbat irudi sortu dituzu zuk zeuk maitaleari keinu bat deskribatuz?
Bitxia da zinema eta irratiaren arteko harremana. Badirudi pantaila bat nahitaezkoa dela zinemarentzat baina, aldi berean, behin eta berriro egiten dugu zinema handiagoa pantailatik kanpo. Begiak belarri bihurtuz.
Entzumenaren bidez ikusiz. Oso politak dira baita inoiz egin ez diren pelikulei buruzko elkarrizketak. Hori ere da zinema. Zinemaren historia kanonikoa gizonezkoek sortutako irudiekin eraiki da. Guk emakumeek zuzendutako pelikulak landuko ditugu irudia ez diren lengoaia zinematografikoaren beste elementu batzuk erabiliz. Jolastuz. Esperimentatuz. Hitzak, soinuak, musika, lekukotasunak, albisteak, hausnarketak, zalantzak, eskutitzak. Izan ere, zinema ikusteko modu ugari daude.
Lur Olaizola eta Jone Uriartek uda batean ezagutu zuten elkar. 2015eko udan. Ez zen edozein uda. Ez zen edozein hondartza. Obra kasko bat zeraman bakoitzak eta XXL txaleko horia. Egun horretan lantoki berria ezagutzear zeuden: oraindik eraikitzen ari ziren zinema eta erakusketa areto bat. Sorgindua omen zegoen lekua eta handik hilabete gutxira kultura garaikidearen zentro batean bilakatuko zen: Tabakaleran. Egun Lur zine departamentuko koordinatzailea da eta Jonek erakusketa departamentuan egiten du lan.
Jone beti saiatzen da Lurrek programatutako pelikuletara joaten eta Lurrek ez du erakusketen irekieretan azaltzeko aukerarik galtzen. Orain, azkenik, beraien arteko irudi, obra, testu, soinu, gidoi, erritmo, amets eta dantzei buruzko elkarrizketa eta konspirazioak Phoenix Ragazzan bildu dira, elkarrekin egiten duten lehenengo proiektua.

2. saioa: Spell Reel

Phoenix Ragazza-ren bigarren saioan Spell Reel pelikula izango dugu abiapuntu. Filipa César artista eta zinegile portugaldarrak eraikitako film kolektibo bat da. Ardatzean Guinea-Bissauko zine militantearen artxiboa dago: Kolonia portugaldarraren aurkako independentzia gerra (1963-1974) erakusten duten irudi eta soinuak. 2011 urtean artxiboa berreskuratu zenean oso egoera txarrean zegoen. Herrialdearen historia bera bezala. Zer egin zure eskuetara iristen den irudi eta soinu artxibo batekin? Galdera honi erantzuteko bidelagunak Itziar Orbegozo, Maddi Barber, Mirari Echávarri eta Tamara García zinegileak izango ditugu.

 

#02 Spell Reel